Ekainaren 18an, 19an eta 20an Gasteizko Mendizabalan
Azkena Rock Festival jaialdian dena prest dago 24. ediziorako, Gasteizko Mendizabalan, ekainaren 18an, 19an eta 20an. Rock and rollaren tenplua hainbat belaunalditako publikoaren topagune izango da aurten ere, kartelburuak Alice Cooper, Social Distortion eta The Hives izanik; horietaz gain, Imelda Mayk kontzertu esklusiboa emango du Darrel Higham-ekin batera, eta Jason Isbell & The 400 Unit, Old Crow Medicine Show, Evaristo, Alcalá Norte eta askoz gehiago ere izango dira. Aurtengo edizioan ere Gasteizko erdigunera zabalduko da jaialdia, Andre Maria Zuriaren plazako doako kontzertuekin, eta Txiki ARF ere izango da.
Andre Maria Zuria
Aurten ere, Andre Maria Zuriaren plaza izango da jaialdiak hiriarekin bat egingo duen puntua. Doako programazioa Gasteizko erdigunera iritsiko da eguerdian, bermutaren garaia eta kaleko giroa alaituko dituzten kontzertuak antolatuta jaialdiko egunetan, Mendizabalako agertokiak piztu aurretik.
Ostiralean, Meghan Parnell-en ahots indartsuak zuzentzen duen Bywater Call talde kanadarrak soula, bluesa, sustraidun rocka eta emozio bizia nahastuko ditu. Larunbatean, The Backyard Casanovas taldea arituko da plazan; Bonn (Alemania) hiritik datozen lau rockerek abesti propioez gain, beren idolo diren Hound Dog Taylor eta Hasil Adkins artisten pieza preziatuak joko dituzte, blues gordinenaren eta garajeroenaren adierazgarri.
Mendizabalako kontzertu garrantzitsuenak
Lehenengo egunean, The Hives urakan suediarrak adrenalinaz betetako ikuskizuna eskainiko du, besteak beste, Hate to Say I Told You So edo Main Offender hit ezagunekin. Ikuskizun esklusibo batean, Imelda May Darrel Highman-ekin batera iritsiko da Mendizabalara, bere errepertorio rock’n’rolleroena errepasatzeko, eta The Adicts taldea agur-biraren barruan etorriko da jaialdira, ia bost hamarkadako lotsagabekeriari eta punk-festari amaiera ematera baitoaz. Eguna osatzeko, Corrosion of Conformity taldearen metal-makineria geldiezina izango dugu, Dewolff gazteen birtuosismoa, Robert Finley beteranoaren blues erritmoak eta Nhil gipuzkoarren pop-soul-funk berezia. Trashville agertokian honako hauek arituko dira: Les Robots taldearen surf rock instrumentala, Angel y Cristoren parranda-giro sailkaezina, Captain Trashoren zarata primitiboa, The Concrete Boysen dibertsio garageroa eta Bartzelonako Radioactivas rrriot boskotea.
Bigarren jardunaldiak Alice Cooper shock rockaren aitabitxia hartuko du. Beldurrezko antzerkia eta hard rocka uztartzen dituen ikuskizunarekin, azken hamarkadetako rockaren figura nagusietako bat bihurtu da. Sugar taldearen elkartze-birak ere geldialdia egingo du jaialdian, 1993az geroztik Estatuan egingo duten lehen bisitan eta edizioko emanaldirik berezienetako batean. Los Enemigos taldearen txanda ere izango da; Estatuko rockaren ezinbesteko taldeetako bat da, eta Mendizabalara itzuliko da bere gordintasuna, ironia eta hainbat belaunaldiren oroimen kolektiboaren parte diren kantekin. Kaliforniatik, Circle Jerksek amorruz eta gizarte-mezuz beteriko hardcore punka zabalduko dute. Bestalde, Evaristok bere proiektu guztien errepasoa egingo du, euskal punkaren adierazgarri nagusietako bat bihurtu duen diskografia osatu baitu. Old Crow Medicine Show taldearen folk amerikarra lehen aldiz izango da Estatuan; eta Voivoden metal distopikoa, Black Maracasen fuzz psikodelikoa eta Lee-La Baum karismatikoa buru duen The Damn Truth taldearen rock&roll makina ere martxan jarriko dira. Punk esperimentalak ere izango du ordezkaritza, Tropical Fuck Storm taldeari esker; hard rock modernoa The Temperance Movement taldearen eskutik iritsiko da; Hällas taldeak adventure rock fantastikoa ekarriko du, eta Dan eta Warren Zanes anaiak The Del Fuegos proiektuarekin etorriko dira. Trashville karpara hurbiltzen direnak The Dwarves taldearen punk probokazioaren lekuko izango dira, eta Cavegirl + The Neandergalsen garage troglodita, HENGEren sci-fi ravea, Restless Ramoneren punk izerditsua eta Stompin’ Riffraffs japoniarren rocka ere izango dira egun berean.
Azkeneko egunean askotariko musikariak arituko dira: Social Distortion taldea gurera dator berriro 2022an bisitatu ostean, eta hamabost urtean kaleratu duten lehen lana aurkeztuko dute Mike Ness eta bere taldekideek, Born To Kill diskoa, rock & roll klasikoaren, countryaren eta bluesaren ikasbide. Carpenter Brut arima rockzaleak konkistatzera etorriko da Mendizabalara, eta proposamen elektroniko bereizgarria ekarriko du horretarako, sintetizadoreak metal industrialenarekin nahastuta; bestalde, egungo country alternatiboaren figura garrantzitsuenetako bat zergatik den frogatuko du (Drive-by-Truckers ohia den) Jason Isbell and the 400 Unit taldeak. Alcalá Norte etorkizun handiko banda bat baino gehiago dela aldarrikatzera igoko da agertoki gainera; Sleaford Modsekoek gure gizarteko egia deserosoak errepasatuko dituzte ironiaz eta post-punk musikaren bitartez; Superchunk taldea powerpop zintzoenaren zaleen gozagarri izango da; Dischargeren txanda denean doinu suntsitzaileak izango dira nagusi taldearen hardcore d-beat nahasketa beteranoarekin; eta Therapy? bandak Troublegum disko ezagunena interpretatuko du. Street-punk soinuak ere izango du tartea Mendizabalan Split Dogs taldearen eskutik, baita cow-punkak ere, Vandoliersekin, eta new wave estiloa eta glam estetika ekarriko ditu Starbenders taldeak. Leporaren euskal rock indartsua eta Rodeoren stonera izango dira etxeko talentuaren ordezkari azken egun honetan. Gainera, Zaragozako Lady Banana power-duoaren stoner rock musika ere izango da egun honetan, +Músicas Live programaren ekimenari esker, jaialdietan emakumeen presentzia sustatzeko helburuarekin. Trashvillen bilduko da synth-punk hipnotikoena Cuir taldearekin, eta bertan arituko dira, halaber, Bloodsucking Zombies from Outer Space eta haien horror punk eta psychobilly frekuentziak, Bridge City Sinnersen folk-punk subertsiboa, Capitán Entresijos feat Garganta Profundak gidatutako performance ausart bat eta beste dimentsio bateko rocka Twin Ghostsen eskutik.
Txiki ARF: familientzako gunea Mendizabalan
Segidako hirugarren urtez, Azkena Rock Festival jaialdiak txikienentzako programazioa izango du, rockaren kulturara hurbiltzeko aukera izan dezaten ongi pasatzen duten bitartean.
Bigarren Trashville karpatik eta Rock en Familia ekimenari esker, ostiral eta larunbat arratsaldeko lehen ordutik aurrera, jaialdian parte hartu izan duten rock izarrak omentzeko kontzertuez gozatu ahal izango dute familiek, eta haurrentzako tailer eta jarduerak ere izango dira: aurpegi-margoketa, air guitar lehiaketak, bingo rockera, txapa eta plektro (pua) pertsonalizatuak egiteko aukera, etab.
Radio Vitoria zuzenean
Aurten, EITB taldeko Radio Vitoria irratia zuzenean arituko da Azkena Rock Festival jaialditik, jarraipen berezia eginez: ostegunean 19:00etatik 22:30era, eta ostiral eta larunbatean 19:00etatik 23:00etara; elkarrizketak, zuzeneko konexioak eta kontzertuen zatitxoak eskainiko dituzte ARF jaialdiaren esentzia eremuaren barruan nahiz kanpoan daudenei sentiarazteko.
BALORE: konpromisoa eremuaren barruan nahiz kanpoan
Azkena Rock Festival jaialdiak jasangarritasunarekin eta ingurunean inpaktu positiboa izatearekin duen konpromiso sendoa berretsi du, berriro ere, BALORE gunearen bitartez; topagune bat, Last Tour enpresaren jarduna bideratzen duten balioen adierazgarri: inklusioa, aniztasuna, irisgarritasuna, justizia klimatikoa eta xede oneko aliantzak.
Jaialdiak gizartearen, kulturaren eta ingurumenaren arloetako eraldaketaren eragile izaten jarraitu nahi du eta, horretarako, hainbat erakunderekin elkarlanean aritzen da, hala nola Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantzarekin edo Gasteizko Elikagaien Bankuarekin, eta askotariko ekimenak antolatzen ditu: Puntu Morea, Ortzadar Puntua edo Puntu Berdea.
Aurten, gainera, Jaialdien Itunari atxiki zaio; ekimen hori Emakumeak Musikaren Industrian Elkarteak eta Kultura Ministerioak elkarlanean garatu dute, eta helburua du kulturaren sektorea bidezkoagoa, seguruagoa eta parekideagoa izan dadin sustatzea. Atxikimendu horrek esan nahi du bat egiten dela jaialdien sektoreak sexu-indarkerien, gorroto-delituen, diskriminazioaren eta edozein indarkeria motaren aurka hartutako konpromiso kolektiboarekin, eta, era berean, espazio seguruagoak, inklusiboagoak eta parekideagoak lortzeko bidean jaialdiek duten erantzukizun aktiboa egiten du ikusgai.
Ildo beretik, Ortzadar LGBTI Elkarteak bultzatutako puntu seguruen LGBTI+ Points Sarearekin duen lotura indartu du jaialdiak. Atxikimendu horrek konpromiso zehatzetan aurrera egiteko aukera ematen du, hala nola trans pertsonen nortasuna errespetatzea, eraso LGTBIQ+fobikoei erantzutea, espazio seguruaren bereizgarria ikusgai egitea eta lantaldeak LGTBIQ+ errealitatean trebatzea, zeregin hori Ortzadar Puntuan eta BALORE gunean txertatuta betiere.
2026an, Berakah programaren 20. urteurrena denez, Gasteizekin estu-estu lotutako gizarte-erakundearekin elkarlanean jarduteko gune bat zabaldu da. 2006. urteaz geroztik, egoera zaurgarrian daudenei laguntzen die Berakah programak, boluntarioen sare zabal baten bitartez eta elikadura, etxebizitza, prestakuntza, entzutea, aholkularitza eta laguntza komunitarioa ardatz dituzten programen bitartez. BALORE gunearen esparruan, jaialdiak programa horren lana ikusgai egingo du, eta erakundeko hainbat lagunek publikoarekin informazioa eta sentsibilizazioa lantzeko aukera izango dute jaialdiaren egunetan. 30 lagun doan joango dira jaialdira hiru egunetan, musikaz eta kulturaz gozatzera.
Aurten, halaber, Azkena Rock Festival jaialdiak Last Tour enpresaren B Corp ziurtagiriarekin duen loturaren berri eman ahal izango du, enpresa horrek sustatzen baitu jaialdiaren garapena. Lotura hori B Lab erakundeak egiaztatu du marka aztertzeko prozesuaren bitartez; horrek adierazten eta nabarmentzen du jaialdia Last Tour enpresaren kultura-proiektuen ekosistemaren parte dela eta kudeaketako, gobernantzako eta inpaktu positiboko eredu komun bati jarraikiz egiten dela. Hainbat neurriren bitartez gauzatzen da ikuspegi hori, hala nola hondakinak murrizteko eta birziklatzeko neurriak, mugikortasun jasangarria sustatzeko neurriak, eraso sexisten aurkako eta berdintasunaren aldeko prebentzio- eta sentsibilizazio-programak, tokiko taldeak kontratatzea eta doako kontzertuen sustatzea.
Jaialdia urratsez urrats aurrera egiten ari da, era berean, irisgarritasunean, mugikortasun jasangarrian, hondakin-murrizketan, materialak berrerabiltzen, beharrezkoak ez diren plastikoak ezabatzen, ur-iturriak jartzen eta ingurumen-sentsibilizazioan, Erronka Garbia Ekitaldi Jasangarria metodologiari jarraikiz. Jasangarritasuna erantzukizun partekatutzat hartzen dela adierazten du, antolatzaileak, lantaldeak, hornitzaileak, administrazioak, erakunde laguntzaileak eta publikoa inplikatuta.
Azkena Rock Festival jaialdiak, beraz, argi dauka musika-jaialdi bat baino askoz gehiago izan nahi duela: topaketarako, bizikidetzarako eta eraldaketarako gune izan nahi du, rocka errespetuz eta askatasunez bizitzeko, ingurunea zaintzen eta kultura bidezkoagoa, askotarikoagoa eta jasangarriagoa izan dadin konprometituta.
Eguneko sarrerak eta 3 eguneko bonuak salgai daude oraindik azkenarockfestival.com webgunean. Gainera, Gazte Bonua salgai dago (100 €+ gastuak, 24 urtetik beherakoentzat), epeka ordaintzeko aukera ere bada, eta 14 urtetik beherakoentzat sarrera doan izango da.
- urte honetan, jaialdirako joan-etorriak egiteko autobusen maiztasuna eta kopurua areagotu dituzte antolatzaileek, eta bidaia antolatuak eskaintzen dituzte hainbat hiritatik: Altsasu, Arrasate, Barakaldo, Bilbo, Burgos, Donostia, Errenteria, Getxo, Irun, Iruñea, Miranda de Ebro, Portugalete eta Zarautz.
Azkena Rock Festival jaialdiaren antolatzaileek esker ona helarazi nahi diete, bereziki, Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari, baita Cervezas La Salve, St. Petroni, Kutxabank eta Petronor etxeei ere, ekitaldi hauek gauzatzeko ezinbestekoa baita haien guztien laguntza.
Azkena Rock Festival
2026ko ekainak 18, 19 eta 20
Mendizabala, Gasteiz
Bonu orokorra: 175€ + gastuak
Gazte Bonua: 100€ +gastuak (24 urtetik beherakoentzat; jaialdira sartzean nortasun-agiria erakutsi behar da)
Eguneko sarrera: 60 € Og / 75 € Or / 75 € La + kudeaketa-gastuak
14 urtetik beherakoek sarrera doan (formulario bat bete behar da aldez aurretik)
Ekainak 18, osteguna
MENDIZABALA
18:00 Ateak ireki
GOD
19:05 ROBERT FINLEY
21:10 IMELDA MAY exclusive rock & roll show feat. Darrel Higham
23:35 THE HIVES
RESPECT
18:15 NHIL
20:05 DEWOLFF
22:30 CORROSION OF CONFORMITY
01:00 THE ADICTS Adios Amigos
TRASHVILLE – TRASH A GO-GO!
19:30 CAPTAIN TRASHO
21:00 RADIOACTIVAS
22:30 THE CONCRETE BOYS
01:00 LES ROBOTS
02:30 ÁNGEL Y CRISTO
Ekainak 19, ostirala
ANDRE MARIA ZURIAREN PLAZA
13:30 BYWATER CALL
MENDIZABALA
17:00 Ateak ireki
GOD
17:30 BLACK MARACAS
19.20 LOS ENEMIGOS
21:40 SUGAR
00:20 ALICE COOPER
RESPECT
18:15 THE DEL FUEGOS
20:25 OLD CROW MEDICINE SHOW
23:00 THE TEMPERANCE MOVEMENT
01:55 EVARISTO
LA SALVE
18:00 THE DAMN TRUTH
19:30 HÄLLAS
21:00 CIRCLE JERKS
23:20 TROPICAL FUCK STORM
02:00 VOIVOD
TRASHVILLE – TRASH A GO-GO!
18:15 CAVEGIRL + THE NEANDERGALS
20:00 STOMPIN’ RIFFRAFFS
22:20 HENGE
01:00 THE DWARVES
03:00 RESTLESS RAMONE
TRASHVILLE – RAT HOLE
17:30 – 20:30 TXIKI ARF
Ekainak 20, larunbata
ANDRE MARIA ZURIAREN PLAZA
13:30 THE BACKYARD CASANOVAS
MENDIZABALA
17:00 Ateak ireki
GOD
17:30 LEPORA
19:20 SUPERCHUNK
21:40 SOCIAL DISTORTION
00:35 CARPENTER BRUT
RESPECT
18:15 VANDOLIERS
20:25 SLEAFORD MODS
23:15 JASON ISBELL & THE 400 UNIT
01:55 ALCALÁ NORTE
LA SALVE
18:00 RODEO
19:30 SPLIT DOGS
20:50 STARBENDERS
22:30 LADY BANANA
00:15 DISCHARGE
01:50 THERAPY?
TRASHVILLE – TRASH A GO-GO!
18:30 TWIN GHOSTS
20:30 BRIDGE CITY SINNERS
22:30 CAPITÁN ENTRESIJOS feat. Garganta Profunda
01:00 BLOODSUCKING ZOMBIES FROM OUTER SPACE
03:00 CUIR
TRASHVILLE – RAT HOLE
17:30 – 20:30 TXIKI ARF



