Wau y los Arrrghs!!!, The Neanderthals, Los Straijackets, The Devils, Escape-ism, Fléau, Gogoponies eta Las Jennys de Arroyoculebro nabarmentzen dira kartel eklektiko batean, rock zikinena izanik izendatzaile komuna
Ekainaren 19an, 20an eta 21ean Mendizabalan, Gasteizen

Azkena Rock Festival rock & rollaren tenplua bada, Trashville da tenpluko aldarerik ilunena, garito klandestinoa, zulo ilun bat. Ez da beste agertoki bat: amildegi primitibo bat da, rock zikin, basati eta gordinenarekin. Agertokiaren eta publikoaren arteko lerroa ezabatzen den lekua da Trashville, edozer gerta daitekeen tokia. Ez dago araurik, ez mugarik, ez atsedenik. Jaialdiaren barruan beste jaialdi bat da Trashville, erritmo bizi-biziko zulo bat, garage, rockabilly, surf eta psychobilly doinuak punk koipetsuenarekin gurutzatzen diren zulo beltz bat. Karparen taupadek berezko erritmoari jarraitzen diote, kontzertu-areto bateko giroa dantza-saio zoroenekin uztartuta. Hemen riff azeleratuenak dira nagusi, bateria basatiekin eta, motorren antzera, orro egiten duten baxuekin batera. Ez dio axola instrumentua gitarra bat ala txatarra zati bat den, edo troglodita batek edo beste planeta bateko izaki batek jotzen duen, jarrera baita garrantzitsuena. Trashvillen dena da posible.
Estatuko garage talde onenetakoa omen, Wau y los Arrrghs!!! valentziarrak 20. urteurrena ospatzera datoz gurera, zaleen poztasunerako 2023. urtean berriro elkartu ostean; eta urteurren hori ospatzeko kontzertu gutxi batzuk egingo dituzte, oso bereziak, gurea tartean. Kontzertu bakar eta esklusiboan, pantera-larruz jantzita, The Neanderthals taldeko kideek haitzuloetako gizakiak direla aldarrikatzen dute. Baina zalantzarik gabe esan dezakeguna da haien garaje soinua gordina eta primitiboa dela. Zenbait jendek susmoa du abeslaria Los Straijackets taldeko abeslari ere ote den, eta jaialdian susmo hori egiaztatzeko aukera izan dezakegu, baldin eta inor ausartzen bada Nashvilleko talde mitikoko kideei borrokalari mexikarren maskarak kentzen, Trashvilleko agertokira igotzen direnean.
Italiatik, The Devils rock & roll bikotea dator, Trashvillen sor daitekeen erritu mota oro gidatzeko izen ezin egokiagoarekin. Dotore eta bitxi, lurraren sakon-sakonenetik datoz Escape-ism, Ian Svenonius zinemagile eta musikari estatubatuarra izanik frontman eta crooner. Fléau “mertzenario banda” frantsesak kasketa jantzita gudarako prest iritsiko zaizkigu, hardcore dosi zaratatsua eskaintzera. Fitnessa, metala eta pepperoni pizza uztartuta, Gogoponies italiarren kontzertu bakoitza gai baten ingurukoa izan ohi da, izendatzaile komun bat dutela betiere: dibertsioa, mugarik gabe. Soinu txatarreroa, ninoninoa eta gitarra zitalak dituzte bereizgarri Las Jennys de Arroyoculebro taldeko punk poligoneroaren erreginek. Kanariar Uharteetatik etorritako troglodita zoro bi dira Mambo Rambo, 60ko hamarkadako soinu latinoen omenez.
Txorimaloek ihes egin dute Waltongo (UK) baserrietatik, eta lastozko eskuekin rhythm & blues primitiboa jotzen hasi dira beleak uxatzeko! Thee Scarecrows Aka dira. Izaki bitxiez ari garela, Azkenara datoz berriro The Sex Organs, kanpoko espazioko bi genital eta beren sex & roll zikin eta primitiboa. Eta helburua dantzatzea baldin bada, Trashvilleko programazioak badu fitness saio bat, osagaiak hauek izanik: punk gordina, psychobillya eta ska erritmoak, txandala jantzitako sei belgikarren eskutik: Wallaroos. Ziur karpa osoa dantzan jarriko dutela.
Horiez guztiez gain, beti bezala, gau amaigabeei ginga jartzen diegu Trashvillen, goren mailako DJekin. Alta Tensión DJs, Bilba Grotbill, DJ Bone, Borja Nihil, El Chico, Malandra, Nat Simons Jukebox, Rock Nights eta DJ Strychnine arduratuko dira zeregin horretaz.
Trashvilleko programazioa gehitu diogu gaur ekainaren 19an, 20an eta 21ean Gasteizko Mendizabalan arituko diren artisten zerrendari, besteak beste John Fogerty mitikoa, bere errepertorioko klasiko guztiekin eta data bakarrean Estatuan; Manic Street Preachers, hauek ere kontzertu esklusiboan; The Flaming Lips, Yoshimi Battles the Pink Robots interpretatzen; Lucinda Williams ikonikoa; The Hellacopters 30. urteurrena ospatzen; Richard Hawley, Margo Price eta beste asko Azkena Rock Festival jaialdiaren 23. edizio honetan.
Bonuak salgai daude jada azkenarockfestival.com webgunean, eta prezio berezian egongo dira martxoaren 7ra arte. Aurten, Gazte Bonuaz gain (100 €+ gastuak, 23 urtetik beherakoentzat), Kuadrilla Bonua atera dugu, jaialdira elkarrekin etortzen diren lagun talde horientzat: 5 bonu erosi, eta 6 eskuratu. Epeka erosteko aukera badago, eta 14 urtetik beherakoek sarrera doan izango dute, aurten ere. Jaialdiak bidaia antolatuak eskainiko ditu autobusez, inguruko hirietatik: Bilbo, Iruñea, Donostia, Zarautz, Arrasate eta Altsasu, urteko jaialdirik gustukoenetako baterako joan-etorriak askoz errazagoak izan daitezen.

Azkena Rock Festival
2025eko ekainak 19, 20 eta 21
Mendizabala, Gasteiz
JOHN FOGERTY
MANIC STREET PREACHERS
THE FLAMING LIPS play Yoshimi Battles the Pink Robots
LUCINDA WILLIAMS
MELISSA ETHERIDGE
RICHARD HAWLEY
THE HELLACOPTERS 30th Anniversary
P.I.L.
MARGO PRICE
TURBONEGRO
BUZZCOCKS
THE CHESTERFIELD KINGS
C.O.F.F.I.N
DEAD KENNEDYS
DERBY MOTORETA’S BURRITO KACHIMBA
DIAMOND DOGS & CHRIS SPEDDING play Little Richard
LA ESTRELLA AZUL
EZEZEZ
QUIQUE GONZÁLEZ
KAOTIKO
LIBE
THE LEMON TWIGS
MASTERS OF REALITY
PSILICON FLESH
SARRIA
RECKLESS KELLY
ROBERT JON & THE WRECK
…
Trashville:
WAU Y LOS ARRRGHS!!!
THE NEANDERTHALS
LOS STRAITJACKETS
THE DEVILS
ESCAPE-ISM
FLÉAU
GOGOPONIES
LAS JENNYS DE ARROYOCULEBRO
MAMBO RAMBO
THEE SCARECROWS AKA
THE SEX ORGANS
WALLAROOS
ALTA TENSIÓN DJs
BILBA GROTBIL
DJ BONE
BORJA NIHIL
EL CHICO
MALANDRA
NAT SIMONS JUKEBOX
ROCK NIGHTS
MISS STRYCHNINE