Bost hamarkadatik gorako ibilbidean, Nick Lowek behin eta berriz erakutsi du kantu on batek nekez zahartzen duela. Britainiar pub rockaren funtsezko figura eta punkaren zein new wavearen sorrerako izen garrantzitsua, Brinsley Schwarz taldean egin zituen lehen urratsak, gerora konpositore, ekoizle eta bakarlari erreferente bihurtzeko. Elvis Costello, The Damned eta Graham Parkerren lan esanguratsuak ekoitzi zituen, eta “Cruel to Be Kind” edo “(What’s So Funny ’Bout) Peace, Love and Understanding” bezalako kantuak idatzi zituen; azken hori klasiko bihurtu zuen Costellok. Urteen poderioz, Lowek bere soinua fintzen joan da, rock n roll dotore, bero eta itxuraz xume baterantz, betiere ironia eta konpositore gisa duen aparteko ofizioa oinarri. Los Straitjacketsekin izandako lankidetza luzeak Indoor Safari (2024) diskoan izan zuen gailurra, hamaika urtean argitaratutako lehen iraupen luzeko lanean. Dotorezia, melodia eta denboraz kanpoko kantuak uztartzen dituen proposamen hori Azkena Rock Festivalera iritsiko da.