Hiru hamarkadaz, Wilcok erakutsi du kantu bat norabide askotara zabal daitekeela bere muina galdu gabe. Jeff Tweedy buru dela, Chicagoko taldea country alternatibotik esperimentaziora, zaratara eta gero eta zailago sailkatzen den rock batera igaro da. Yankee Hotel Foxtrot eta A Ghost Is Born bezalako diskoek lengoaia hori behin betiko zabaldu zuten. Bi hamarkadaz egonkor mantendu den formazioarekin, melodia zehatzeko kantuak eta pasarte ireki zein ezustekoak uztartzen dituen errepertorioak egungo rock estatubatuarraren funtsezko taldeetako bat bihurtu du Wilco. Azken lanen artean daude Cate Le Bonek ekoitzitako Cousin (2023) eta Hot Sun Cool Shroud EPa (2024). 2005ean eta 2019an Azkena Rock Festivalen izandako emanaldi gogoangarrien ondoren, Wilco Mendizabalara itzuliko da, hogeita hamar urtetik gorako kantuekin eta diskoak bere horretan erreproduzitzera inoiz mugatu ez den zuzeneko ikuspegiarekin.


