ARTISTAK

THE URBAN VOODOO MACHINE

Munduaren amaierako kabaret batetik ateratako taldea dirudien The Urban Voodoo Machine-k 2003tik darama agertoki bakoitza rock & roll, blues, punk, country eta New Orleanseko jazzaren ospakizun bihurtzen. Paul-Ronney Angel nahastezina buru dutela, londrestarrek “bourbon-soaked gypsy blues bop’n’stroll” izena jarri zioten beren nahasketa bereziari, gitarrak, haize-instrumentuak, akordeoiak, perkusioa eta taberna-giro handia uztartzen dituen errezetari. Beltzez eta gorriz jantzita eta antzerkizkoa bezain aurreikusezina den zuzenekoarekin, haien kontzertuak izerdi, dantza eta zoramen erritu bihurtzen dira. Azkena Rock Festivalen beren arma guztiak aterako dituzte, talde honen erritua hasten denean geldirik egotea ezinezkoa dela erakusteko.

Facebook Instagram  Instagram  Instagram