Lehen riffetik bertatik ezagutzen diren gitarristak daude, eta Slash horietako bat da. Guns N’ Roses eta Velvet Revolverrekin rockaren historiaren zati bat idatzi ondoren, etapa berri baterako bidaide ezin hobea aurkitu zuen Myles Kennedyren ahotsean. The Conspiratorsekin batera, Apocalyptic Love (2012) lanetik hasita, hard rock zuzeneko lau disko sinatu dituzte, riff handietan, estribillo indartsuetan eta zuzenekoetan makina baten moduan funtzionatzen duen talde batean oinarrituta. Azken lana, 4 (2022), ia zuzenean grabatu zuten Dave Cobb ekoizlearekin, hain zuzen ere energia hori harrapatzeko. Slash eta Kennedy elkarrekin aritu ziren Mendizabalan 2010ean; orain Azkena Rock Festivalera itzuliko dira The Conspiratorsekin eta hamarkada batetik gorako kantu propioak aldean.



