Manic Street Preachers eta The Flaming Lips taldeak Azkena Rock Festival jaialdiaren 23. edizioko lehen iragarpenaren zerrendaburu

FECHA

Melissa Etheridge, Johnny Rotten-en P.I.L., Reckless Kelly, Lucinda Williams, Richard Hawley, Buzzcocks, Quique González edo Turbonegro taldeak, besteak beste, baieztatuta ditugu rock and roll jaialdi garrantzitsuenean

Gasteizko Mendizabalan izango da, berriro ere, jaialdia, ekainaren 19, 20 eta 21ean. ARFren aurreko edizioren batera joan diren zaleentzako aurresalmenta esklusiboa ostiralean hasiko da, hau da, bihar. Salmenta orokorra, berriz, azaroaren 20an, asteazkenarekin, 10:00etan.

Azkena Rock Festival jaialdiak gaur egin du hurrengo edizioko musikarien lehen iragarpena eta, zerrendako izen handiak ikusita, argi dago kalitatezko musikaren alde egiten duela eta esperientzia ahaztezina bizitzeko aukera izango dugula. 2025eko ekainaren 19tik 21era bitarte, rock musikaren epizentro izango da Gasteiz: Manic Street Preachers handiak ez ezik, XXI. mendeko talderik errespetatuenetako bat ere arituko da, hau da, The Flaming Lips, baita Lucinda Williams konpositore eta interpretea edo Melissa Etheridge ezaguna ere. Lehen iragarpen honetan, aipatzeko moduko artista hauek etorriko dira Mendizabalara, jaialdiaren estilo-aniztasunaren adierazgarri: Richard Hawley, Reckless Kelly, P.I.L,  Turbonegro, The Hellacopters, Buzzcocks, Diamond Dogs & Chris Spedding, Kaotiko, Quique González, Dead Kennedys, The Chesterfield Kings, Robert Jon & The Wreck, Masters of Reality, La estrella azul, Derby Motoreta’s Burrito Kachimba, Psilicon Flesh, Ezezez eta Libe.

Azkena Rock Festival, banan-banan aztertzea merezi duen kartela

Manic Street Preachers taldeak diskografia ederra izateaz gain, 2025eko urtarrilean hamabosgarren diskoa kaleratuko baitu, Critical Thinking, eta jaialdian esklusiban aurkeztuko digute, Estatu osoan egingo duten emanaldi bakarra izango da eta. The Flaming Lips taldearen showetan Wayne Coyne abeslariak ikus-entzuleen gainera botatzen du bere burua burbuila erraldoi batean sartuta, eta eromen galanta sortzen da! Gurean egingo duten emanaldia ere berezi-berezia izango da. Yoshimi Battles the Pink Robots disko ikoniko eta gurtua interpretatuko dute, albumak 20 urte betetzen dituen urtean, eta giza izatearen gaineko hausnarketa sakona egingo du talde bikain bezain bitxi honek, rock alternatiboa psikodeliarekin fusionatuta. Lucinda Williams ikonotzat har dezakegu jada, hainbat belaunalditako entzuleengana iristen baita folk, rock eta country estiloak ezin hobeki uztartuta, eta gogoan ditugu oraindik gure jaialdian eskaini dituen bi kontzertuak. Hiru hamarkadatik gorako ibilbidea egin eta hainbat Grammy sari eskuratu ostean, Williams konpositore-lanean trebea delako eta abesti sakon eta hunkigarriak interpretatzeko gaitasun itzela duelako miresten dugu, eta azken aldiz izango dugu gure artean Mendizabalan, zalantzarik gabe historikoa izango den emanaldi batean. Melissa Etheridge artista ahots bereizgarriagatik eta estilo autentikoagatik da ezagun, eta 90eko hamarkadan izar bilakatu zuen soinu rockero indartsua ekarriko digu, hamarkada luzez Estatura etorri gabe egon ostean
Manic Street Preachers Azkena Rock Festival 2025
Manic Street Preachers
John Lydon –aka Johnny Rotten– izana dugu ARF jaialdian Sex Pistols taldearekin; oraingoan, P.i.L. edo Public Image Ltd. talde legendarioarekin datorkigu. Emanaldi horretan mugikorrak poltsikoan sartuta uztea gomendatzen dizuegu. Punk atalari dagokionez, ezinbesteko talde horietako bat ekarriko dugu: Dead Kennedys, politika eta hardcorea nahastuta. Mendizabalan ereserkiaren maila gainditu ere egin duen Ever Fallen In Love (With Someone You Shound’t’ve) abestia entzuteko ametsa egia bihurtuko da Buzzcocks britainiar punk taldearen melodia errepikakor eta letra zorrotzekin. Eta punk estiloaz ari garela, euskal talde garrantzitsuenetako batek 25. urteurrena ospatuko du etxean: Kaotiko arabar taldeak. The Hellacopters taldea eskandinaviar rockaren gakoetako bat da, baita ARF jaialdiaren eta azkenazaleen banda gogokoenetako bat ere. Izan ere, jaialdiaren lehenengo edizioan ere etorri baitziren Mendizabalara, 2003. urtean. Nick Royale, bere liderra, Azkenako zalea da eta oraingoan The Hellacoptersen 30. urteurrena ospatzeko aukeratu du jaialdia. Eskandinaviarrak hauek ere, Norvegiatik datoz Turbonegro, anomalia bat Europa iparraldeko panoraman, hedonismoari eta umore lotsagabeari egindako oda, hard rock eta glam rock ukituekin. Emanaldi oso berezia eskainiko digute Diamond Dogs and Chris Spedding musikariek, konbo paregabe eta errepikaezin batean: Little Richarden musika beren erara interpretatuko dute, eta Azkena Rock Festival jaialdian aurkeztuko digute, zuzenean, About The Hardest Nut To Crack diskoa, rock and roll ikono hilezkorraren omenaldia.
The Flaming Lips en Azkena Rock Festival 2025
The Flaming Lips

Mendizabalan entzungai izango dugu, era berean, Reckless Kelly talde handia, country eta red dirt doinuekin, eta ez zenuke kontzertu hori galdu behar, lehen aldia baita Estatuan joko duena (eta Europa osoko kontzertu bakarrenetako bat). Amerikar soinuekin jarraituko dugu; izan ere, Robert Jon & The Wreck bandak hegoaldetar rocka, gitarra-soloak, ahots-harmonia aberatsak eta melodia ahaztezinak uztartzen ditu fusio elektrizatzaile batean; hori ere ezin duzu galdu, 2025. urtean Estatu osoan emanaldi bakarra eskainiko baitute… gurean, noski. Masters Of Reality askotan lotu izan dira stoner eszenarekin eta rock desertikoarekin –izan ere, zerbaitengatik baitira Josh Homme-ren eta haren Kyuss eta Queens Of The Stone Age taldeen mentore–, baina, egia esan, hori baino nortasun handiagokoak dira, eta generoari beste koska bat gehitzeko gai dira beti. 70eko hamarkadaren amaieran, garage rock estiloaren biziberritzearekin batera sortutako banda garrantzitsuenetako bat dugu, zalantzarik gabe, The Chesterfield Kings, eta Azkenaren hurrengo edizioan egiaztatu ahal izango dugu.

Malenkoniaren pertsonifikazioa izaki, Richard Hawley konpositore atenporalak bere estilo dotore eta sakona ekarriko digu ARFra, taldekide guztiekin batera egingo duen show batean, eta ez duela zenbait hilabeteko formatu intimoan. 25 urteko ibilbidean inolako gorabeherarik ez du izan Quique Gonzálezek, belaunaldi oso baten kronistak, eta ia bi hamarkada geroago, Mendizabalara itzuliko da gu berriro hunkitzeko asmoz. La estrella azul filmaren soinu-banda entzun ahal izango dugu Mendizabalako agertokietan. Javier Macipe zuzendariaren lehen film luzea da La estrella azul, fikzioaren eta dokumentalaren arteko historia bat, Más Birras taldeko buru izan zenari buruzko kontakizuna artista eta jenio ahaztuei buruzko alegia unibertsal bihurtua. Derby Motoreta’s Burrito Kachimba sevillarren rock psikodelikoak trantzeraino eramango gaitu, eta 90eko hamarkadako underground musikaren mugimendutik berpiztutako Psilicon Flesh taldeak metal, pop, funk eta grunge estiloen nahasketa errepikaezina eskainiko digu; gogora dezagun «El día de la bestia» filmaren soinu-banda egin zuela talde horrek. Ezezez taldea hankaz gora jartzen ari da egungo euskal musikaren panorama, eta, oraindik ez badituzu ezagutzen, Mendizabalan egiaztatu ahal izango duzu zergatik. Azkenik, Libe gasteiztarra ostera ere arituko da gurean, baina oraingoan bakarkako proiektuarekin.

Azkena Rock 2025erako sarrerak

Sarreren salmenta azaroaren 20an, asteazkenean, hasiko da, 10:00etan, webguneko Sarreren atalean, hasierako prezio berezian. Aurreko edizioren batera etorri direnek aurresalmenta esklusiboa izango dute bihartik, ostiraletik, aurrera. Jaialdiaren 3 egunetarako bonuez gain, Gazte bonua ere izango da salgai (100 € + gastuak) 23 urtetik beherakoentzat, eta aurtengo berrikuntza: Kuadrilla bonua, ARF jaialdian hain ohikoak diren lagun taldeentzat, 5 bonu erosita 6. bonua opari. Aurten, berriro ere, epeka ordaintzeko aukera izango da bai aurresalmentan, bai salmenta orokorrean, eta, betiko moduan, 14 urtez azpikoek ez dute sarrera ordaindu beharrik.

Aurten ere izango ditugu bidaia antolatuak, Bilbotik, Iruñetik, Donostiatik, Zarauztik, Arrasatetik eta Altsasutik jaialdiaren ateraino bertaraino eramango zaituzten autobusekin.

Azkena Rock Festival jaialdiak ez du parekorik

Zuzeneko musika onenaz gozatzeko leku bikaina da, giro ezin hobea sortzen baita publiko leialena lagun, eta gainera, eremu atsegina da, erosoa, berdegunez josia, euskal gastronomiaren adierazgarri eta Green Capital izendatutako Gasteizko erdialdetik uste baino hurbilago. ARF jaialdia Last Tour kultur eragile independenteak antolatzen du, eta BCorp ziurtagiria eskuratu du enpresak, bere balioengatik eta enpresa-ereduagatik.

Azkena Rock Festival 2025eko ekainaren 19, 20 eta 21a Mendizabala, Vitoria-Gasteiz   MANIC STREET PREACHERS THE FLAMING LIPS LUCINDA WILLIAMS MELISSA ETHERIDGE RICHARD HAWLEY RECKLESS KELLY P.I.L. TURBONEGRO THE HELLACOPTERS BUZZCOCKS DIAMOND DOGS & CHRIS SPEDDING KAOTIKO QUIQUE GONZÁLEZ DEAD KENNEDYS THE CHESTERFIELD KINGS ROBERT JON & THE WRECK MASTERS OF REALITY LA ESTRELLA AZUL DERBY MOTORETA’S BURRITO KACHIMBA PSILICON FLESH  EZEZEZ  LIBE Venta:  azkenarockfestival.com/tickets

MÁS NOTICIAS